AURKEZPENA
“Pertsonarik xume eta ahulenak nagusi eta ahaltsuenek dituzten eskubide zibil, ekonomiko eta sozialak balia ditzakeenean soilik da demokratikoa komunitate bat”. A. Philip Randolph.
Niretzat oso pozgarria da Ararteko erakundearen 2016. urteko txostena aurkeztea. Bertan bildu dira urte horretan egindako jarduera eta ekintza guztiak, eta, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoan giza eskubideak oro har zertan diren erakusten du. Gainera, txosten hau Euskadiko defentsa-erakundean lanean diharduten 52 pertsonek egindako lan bikainaren emaitza da.
Gure erakundea eta aurten egin dugun jarduera ez dira egoera orokorretik kanpo geratu. Aipatzekoa da gehitu egin direla herritarrekin lotuta dauden Arartekoak jarduerak, 10.958ra iritsi baitira; hortaz, aurten %23 hazi da Arartekoaren jarduera. Berriro ere lanez gainezka ibili gara azaldutako kexa eta kontsultengatik (8.171). Gehikuntza hori egiaztatzeko, begiratu besterik ez diogu 2010. urteari, orduan ikusten hasi baitziren krisiaren ondoriorik larrienak; orobat, %70 hazi dira herritarren kexak, arrazoi askorengatik, baina, batez ere, eduki ekonomikoko gizarte-prestazioei buruzko kexek eragin handia izan dutelako.
Era berean, urtetik urtera gora egiten du herritarrak artatzeko gure bulegoetara etortzen diren herritarren kopuruak, nagusiki Bilboko bulegoan, 5.600 lagun joan baitira hara 2016an.
Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren jarduerari dagokionez, 2016an 521 espedientetan ikusi da haurrak eta nerabeak tartean zeudela, hau da, Ararteko erakundeari egin dizkioten 5 kexetatik 1ean. Kexa horiek gaiaren arabera banatzen baditugu, %40 beraien familiek bizi duten prekariotasun ekonomikoari buruzkoak dira; %29k hezkuntza-sistemarekin loturako hainbat gai dituzte hizpide; babesik gabeko haurrentzako gizarte zerbitzuek eta familiei laguntzeko politikek kexen %6 hartzen dituzte bakoitzak; eta gainontzeko arloak (osasuna, aisia, kirola, justizia, ingurumena) bulego horren espedienteen %5 baino gutxiagotan agertzen dira.
Kexak bideratzeaz gain, Arartekoak txosten bereziak eta azterlanak egin eta argitaratzen jarraitu du 2016an, gure ustez arreta berezia behar duten talde eta egoeren gainean, Euskadin eskubideak baliatu ahal izatea behar bezala babestuta egon dadin herritar guztientzat, berdintasun egoeran.
Horrekin batera, Arartekoak era askotako jarduerak egin ditu oinarrizko eskubideei begira arau-hauste, gabezia, arrisku edo ahultasun egoeran dauden taldeen inguruan. Horrela, erakunde honen lan-arlo bakoitzeko jarduera-planetan abiarazten diren hainbat ekimen burutu dira